XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer esan nahi duten, kondairan zehar, muga hauek? Hesigabeko lurralde gertatu dela eta, noski, iragankor eta pasabide errazekoa.

Gainera, itsasoarekin mugatzeak, itsas-mugako herriekin batera, halako sozio-ekonomi giro bereziz jantzi du.

Muga hauen izaera ikusirik, Eusko-lurra biziki harrapakin egokia agertzen zaigu inguruko herrientzat.

Kondaira zehar, ordea, ikusiko dugu ez direla erasoaldiak egokitasun honen arabera gertatu.

Banaketa- Nahiz-eta txiki izan Euskal Herria, bere geografiagatik, zati bi arras berezitan bana dezakegu: Hegoalde edo Mediterraneokoa eta Iparralde edo Kantaurikoa.

Lurralde lehorra bata, eta heze-bustia bestea.

Zatiketa hau ez dator bat, zehaztasun osoz behintzat, Kantauri eta Mediterraneoko isuriekin, edo isuri hauen mugekin, uren mugaz gaindik hedatzen bait da Kantauri alderdia.

Lur hauek hartzen ditu berepean: Iruiñea, Lizarra (Estella) eta Aoitz, Nafarroan; Gasteiz eta atzeko mendietaraino hedatzen da berriz, Araban, Gasteiz bera eta ia probintzi osoa bere zelaiarekin hartuaz.

Zatiketa honek garrantzi berezia du, sozial, ekonomi edo legediaren maila gaintzen duen garrantzia, nolanahi ere.

Lehen esan danez, zatiketa honek bi giro edo klima agertzen dizkigu, eta honela, laborantza eta aberetza guziz berezirik ditugu, beren bizikera eta jite bereziekin gizarte-egitura diferenteak sortzeraino.

Eta guzi honen fruitu edo ondoriotzat: lege-istituzio bereziak.

Ibero-peninsula Europarekin batzen duen ismoaren sartaldean datza Euskal Herria, eta ismoaren alde bietatik.

Ismo honen erreka: Ebro. Eta bere mendi Pirinioak.

Mediterraneotik Kantauriraino luzatzen den mendi-besanga honek ba ditu hiru mila metrotatik gorako gailurrak, baina bai Kantauri aldetik eta bai Ebro aldetik, bi ertzetan askotxo jaiten da, eta ez du oztopo nabarmenik batetik bestera herriak pasa ditezen.

Euskal Herria, Pirinioen lekurik apalenean etzanik dagoenez, geografi aldetik, pasabideko lurraldea da.